deriva continental

1. Geol.

Denbora geologikoan zehar eta distantzia luzeetan kontinenteak bata bestearekiko mugitu direla defendatzen duen teoria. 1925ean teoria hau baztertu egin zen, kontinenteen mugimenduaren mekanismoa ongi azaltzen ez zuelako. Geroago, 1960 eta 1970eko hamarkadetan eginiko ikerketen ondorioz, teoria egiaztatu eta Lurraren zientziak irauliko zituen plaka-tektonikaren teoria jaulki zen.

Orain dela 290 Mu Pangea superkontinenteak zuen geometria
Orain dela 290 Mu Pangea superkontinenteak zuen geometria

1. Geol.
Denbora geologikoan zehar eta distantzia luzeetan kontinenteak bata bestearekiko mugitu direla defendatzen duen teoria. 1925ean teoria hau baztertu egin zen, kontinenteen mugimenduaren mekanismoa ongi azaltzen ez zuelako. Geroago, 1960 eta 1970eko hamarkadetan eginiko ikerketen ondorioz, teoria egiaztatu eta Lurraren zientziak irauliko zituen plaka-tektonikaren teoria jaulki zen.

Kontinenteen jitoa Edit

Egilea: Arturo Apraiz

KONTINENTEEN JITOA

Plaka-tektonika delako teoria modernoaren aitzindari gisa onartzen da kontinenteen jitoa. Alfred Wegener (1880-1930) da teoriaren buru nagusia.

Kontinenteen jitoaren garapen historikoa

Kontinenteen jitoaren eredua iradoki zenean, Suessek (1909) Lurraren egiturari eta bilakaerari buruz proposatu zituen ideiak ziren nagusi. Hau da, Lurra hoztearen eraginez, lurrazala uzkurtu egiten da; material arinenek gainazalera igotzeko joera dute, eta astunenek, hondoratzeko joera; eta, prozesu horretan, mendikateak eta haranak etengabe sortuz joaten dira. Beraz, eremu kontinentalek hondoratzeko joera izango dute, eta eremu ozeanikoek, altxatzekoa; denborarekin, kontinenteak ozeano eta ozeanoak kontinente bihurtuko lirateke. Garai hartan lurrazalerako onartzen ziren mugimendu bakarrak bertikalak ziren.

Wegenerrek teoria bertikalisten aurka egin zuen, eta kontinenteen desplazamendu horizontalaren ereduak indartu zituen. Haren esanean, kontinenteak urrunduz joan dira, Mesozoikoan eremu kontinental guztiak Pangea superkontinentea eratuz elkarren ondoan egotetik gaur egun duten itxura hartu arte.

grafikoak1

Orain dela 290 Mu Pangea superkontinenteak zuen geometria (iturria: Arturo Apraiz, Plaka-tektonika, UEU 2005)

Aurretik beste zenbait ikertzailek argitaratutako datuak erabili zituen Wegenerrek kontinenteen jitoaren teoria garatzeko. Datu haiek bildu, era txukunean antolatu eta haiekin eredu berri bat sortzeko gaitasuna izan zuen. Ereduaren sorreran, datu nagusi hauek erabili zituen:

  • Kontinenteen eitea. Zaila da imajinatzea Ozeano Atlantikoaren inguruko kontinenteen kostaldeko geometria berdintsua zorizko aldaketen ondorioa dela, eta logikoa dirudi pentsatzeak ertz biak egunen batean elkarren ondoan egon zirela.

  • Berdintasun estrukturalak. Deigarriak dira ozeano batez bereiziriko kontinenteetan sarritan ikusten diren parekotasunak, arroken ezaugarri eta adinetan, zutabe estratigrafikoetan edota tolesen geometrian. Adibidez, Saharako hego-mendebaldeko lurraldeetan eta Guyanetako mendigunean (Hego Amerika) agertzen diren arrokak eta arroka-serieak erabat berdinak dira.

  • Ikerketa paleontologikoak. Glassopteris landarea Hego Amerikako hegoaldean, Afrikako hegoaldean eta Antartikako eta Australiako lurralde zabaletan agertzen da soilik, adin eta mota bereko geruzen artean. Era berean, Mesosaurus narrastia orain dela 270 milioi urte bizi izan zen, eta haren aztarnak Hego Amerikan eta Hegoafrikan baino ez dira aurkitu. Beraz, logikoa da pentsatzea garai haietan bi lurraldeak elkarren ondoan egon zirela.

  • Froga paleoklimatikoak. Arroka sedimentarioetan aurkitutako landare- eta animalia-fosilak erabil daitezke iraganeko klimaren ezaugarriak ezagutzeko. Adibidez, hurrengo irudian, lore polarrak eta aintziretako lore tropikalak gordetzen dituzten Karboniferoko arroken hedapena ageri da. Gaur egungo mapa klimatikoarekin konparatuz, ez da erraz imajinatzen nola zeuden banatuta klima horiek guztiek, eta ez da ulertzen klima tropikala eta artikoa hain hurbil egotea. Arazo horiek uler daitezke kontinenteak desplazatuz Karboniferoko klimak ustez zeuden tokitik gaur egun klima horiek nagusitzen diren lurraldeetaraino.

  • Eboluzioaren teoria. Adibide gisa ugaztunen eboluzioa iradoki zen. Ugaztunak bi taldetan banatzen dira: karendun edo plazentalioak, eta martsupialak. Talde biak habitat berean bizi direnean, plazentalioak nagusitzen dira, eta martsupialak edo desagertu egiten dira edo espezie gutxi batzuek baino ez dute aurrera egiten. Aztarna fosilen bitartez jakin denez, martsupialek ugaztun plazentalioek baino arinago eboluzionatu zuten. Orain dela 100 milioi urte populazio garrantzitsua osatzen zuten, eta duela 70 milioi urte kontinente guztietara barreiatu ziren; horrek, nolabait, adierazi nahi du mundu guztiko eremu kontinentalen artean harreman estua zegoela. Ondoren, eta milioika urte gutxi batzuetako aldian, ugaztun karendunek eboluzionatu egin zuten; Europan, Asian eta Ipar Amerikan hedatu ziren eta martsupialak ordeztu zituzten. Hego Amerikan, aldiz, orain dela 40-30 milioi urte arte martsupialek jarraitu zuten nagusi izaten, baina, azkenean, han ere plazentalioak nagusitu ziren. Eztabaida horren ondorioa argia da: Hego Amerika eta Ipar Amerika bananduta zeuden orain dela 70 milioi urte, eta duela 40 milioi urte elkartu egin ziren. Era berean, Australia Hego Amerikatik banandu zenean, bakartuta gelditu zen, eta hala jarraitzen du harrezkero.

grafikoak2

Goian, flora tropikalaren eta flora polarraren hedapena Karbonifero adineko arroketan; behean, Karbonifero garairako onartutako kontinenteen berreraikuntza eginez, flora tropikala eta polarra gaur egun mota horretako landareak bizi diren latitudeetan agertzen direla ikus daiteke (iturria: Arturo Apraiz, Plaka-tektonika, UEU 2005)

Europako eta Hego hemisferioko zenbait geologo kontinenteen jitoaren teoriaren aldekoak izan arren, Ipar Amerikako geologo gehienek bat egin zuten teoria horren aurka, eta banan-banan arbuiatu zituzten kontinenteen jitoaren aldeko argibideak. Hala ere, hau izan zen jarri zioten aitzakiarik handiena: kontinenteen mugikortasuna azaldu zezakeen mekanismo eragile fidagarririk ez definitzea.

Wegenerren ustean, kontinenteak ekuatorerantz mugitzen ziren, Lurraren errotazioa zela medio, lurrazal ozeaniko dentsoago baino ahulagoaren gainean flotatuz. Baina Harold Jefriesek egindako ikerketek frogatu zuten lurrazal ozeanikoa gogorra dela eta gutxienez lurrazal kontinentala bezain zurruna ere badela. Horren ondorioz, Wegenerrek proposatutako mugimendu-mekanismoa fisikoki ezinezkoa zela ikusi zen.